Euskal literaturaren egoera

Aingeru Epaltza idazleak, orain dela zenbait egun, euskal literaturari buruzko hitzaldi bat eman zuen. Bertan, gure literaturaren egoera eta etorkizuna aztertu zituen.

Iruindar idazleak azaldu zuen bezala: “Inoiz egin den literaturarik onena, ugariena, zabalena eta anitzena egiten ari gara. Inoiz baino idazle, bitartekari eta irakurle gehiago ditugu, eta lehen aldiz historian kanpora ateratzen hasia da euskal literatura”. Albiste ona dela esango genuke, kontuan hartuz iraganean euskal literatura oso ahula izan zela.

Gazteak euskal literaturan murgiltzen hasiak direla onuragarritzat har daitekeen beste berri bat da. Izan ere, gertakizun hau beharrezkoa da euskal literaturaren etorkizuna bermatzeko.

Epaltzak euskal literaturarekin zerikusia duen beste albiste bat ere eman zuen: gure kultura betidanik oso maskulinoa izan da, emakumea baztertuta utziz, baina, dirudienez, belaunaldi berriek aldaketa ekartzen ari dira gure literaturara, hots, gero eta emakume idazle eta irakurle gehiago daude.

Amaitzeko, Aingeru Epaltzak euskal literaturaren etorkizunari buruzko hausnarketa egin zuen, ondorioztatuz euskal irakurle indizea hobetu beharra dagoela. Beraz, bere ustez, egoera onera egiteko, instituzioen bultzadari beharrezkoa deritzo eta, noski, idazleek beraiek duten erantzukizuna ere nabarmendu zuen. Hala ere, euskal literaturaren kontsumoa sustatzeko irakurle taldeak sortzen ari dira.

Ondorio gisa, iruindar idazleak esandako esaldi bati erreparatzea gustatuko litzaiguke: “Euskal zinema badago, baina batez ere erdal zinema; euskal kazetaritza badago, baina batez ere erdal kazetaritza; euskal literatura badago, baina batez ere erdarazkoa”. Izan ere, hasieran komentatzen den moduan, euskal literatura egoera onean badago, baina euskal kultura orokorrean izugarri ahul dagoela begi-bistakoa da. Eta horren aldaketa geure esku dago.

http://www.berria.eus/paperekoa/1736/029/001/2014-11-20/irakurlearen_bilaketan_euskal_literaturak_etorkizuna_jokatzen_du.htm

0 comments